Bai euskarari bai euskarari. zerbitzua eta lana euskaraz Premie Euskara-Planak

| eu | es |

Lur eta naturaren zaintza, eta hizkuntzarekiko konpromisoa, elkarlotuta

2021/04/21 sustatu.com -- Albiste originala ikusi

Gaur, apirilak 22, Lurraren Eguna da (webgune ofiziala, EarthDay.org), eta ondo etor daiteke aipatzeko argitaratu den ikerketa bat, Dylan Inglis eta Unai Pascual ikerlari euskaldunek egina, hizkuntza eta naturaren zaintza elkar-lotuaz. Euskal Herriko Pirinioaldean egindako ikerketa baiezkoa da aurkitu duten lehen erantzuna, naturarekiko kezka eta hura zaintzeko konpromisoa bat etor daitekeela tokiko kultur-identitatea eta hizkuntza mintzatu eta preziatzearekin.

British Ecological Society (BES, Ekologia Elkarte Britainiarra) delakoaren People and Nature aldizkarian (Pertsonak eta Natura) argitaratu dute artikulua bi ikertzaileek: On the links between nature's values and language. Naturaren eta hizkuntzaren balioen elkarloturaren inguruan. Ikertzaileak dira Unai Pascual Garcia de Azilu, ingurumenaren ikertzailea eta IPBES erakundearen buru, eta Dylan Inglis poliglota ingelesa.

Zera galdegin zuten Pascual eta Inglisek ikerketarako: “Tokiko hizkuntzak jendearen naturari buruzko balioetan eragina ote du?". Horri nola erantzun diote, Inglisek azaldu du hari batean, jarraian laburtuko duguna:

Jendearen eta naturaren arteko harremanetan euskarak zer pisu duen aztertu dugu. Pertsonek desberdin balioesten dituzte euren tokiko naturarekiko harremanak. Hauei “harreman-balioak” deritze. Egoki bizitzeko era, kultur-nortasuna edo lekuekiko atxikimendua horietako batzuk dira.

Euskal Pirinioetako herriak kasu-azterketa hartuz (goiko irudian, zein eskualdetan egin duten: Nafarroako Garazi, Zaraitzu eta Aezkoan; eta Zuberoan), elkarrizketetatik ta eztabaida-taldeetatik hartutako informazioa erabili genuen Q-metodoa burutzeko. Q-metodo erdi-kuantitatiboa da, eta jendeak tokiko basoekin dituen harreman-anitzak sistematikoki aztertzeko aukera eman zigun.

Emaitzek erakutsi dute euskarak zenbait partaideren basoa balioesteko moduan eragiten duela. Zehazki, multzo batek basoaren eta kultur-identitate eta leku-atxikimenduaren arteko lotura lehenetsi zuen, eta toki- ta kultur-identitatea euskara mintza eta preziatzearekin lotu zuen.

Euskal Herriko kontestuz harago, baliteke jendearen hizkuntzarekiko harreman sakonak tokiko naturarekin ere harreman positiboak eratzen laguntzea. Lotura hau gehiago aztertu behar da hainbat kontestu sozio-ekologikotan bizimodu jasangarriagoak izateko premia dugun honetan.

Naturaren balioen eta hizkuntzaren arteko loturak ulertzen saiatu den lehen saiakera honen emaitzak ikusita, agidanez, hizkuntza-aniztasuna babestu eta sustatzean, jendeak natura eta, hortaz, jasangarritasun globala ere sustatzen lagun dezake.

Ikerketa osoa hemen aurkituko duzue, osorik eta dohainik.


Iruzkinak:



atez euskara zerbitzua
Artez Euskara Zerbitzua Koop. E.
H: Luzarra, 10 - Deustu Bizkaia Euskal Herria
T: (34) 944 480 000 F: (34) 944 757 229
Kontaktua - Lege jakinarazpena
twitter Facebook
bfa spri Babesleak
XHTML 1.0 Transitional balidoa CSS Balidoa!