Bai euskarari bai euskarari. zerbitzua eta lana euskaraz Premie Euskara-Planak

| eu | es |

Pantailak Euskaraz, hamar neurri aldarrikatuz sortu den elkartea

2021/06/11 sustatu.com -- Albiste originala ikusi

Pantailak Euskaraz ekimena sortu dute talde batzuen artean elkartuta: Netflix Euskaraz eta Disney Plus Euskaraz azken hilabeteotan sortutako erreibindikazio taldeak, Zinemak Euskaraz ekimen berria, Tinko euskara elkartea (euskaraz bikoiztutako zinema sustatzen duena), eta Bieuse bikoizle euskaldunen elkartea. Euskarazko ikus-entzutezkoak bultzatzeko behako ziren neurrien dekalogo bat aurkeztu dute, eta jarraian dugu testu hori.

Aste honetan zabaldu duten agiri batean, 10 puntuko gaitegi bat planteatzen dute. Hamar erreibindikazio edo hamar egiteko, ezinbesteko ikusten dituztenak hizkuntzaren normalkuntzan pauso sendoak emateko. Neurri hauek "euskarazko ikus-entzunezkoen produkzioa sustatu eta hedatzea eta bikoizketa indartzea dute helburu."

Hona dekalogoa:

1. Euskarazko ikus-entzunezkoen sektoreko finantzaketa publikoa handitzea.

Ikus-entzunezkoena sektore estrategikoa da, ekonomia, gizarte kohesioa, eta bereziki hizkuntza eta kulturaren ikuspegitik. Ez da euskarazko ikus-entzunezkoen arloa aro digital berrira egokitzeko inolako politika publiko sendorik martxan jarri azken urteotan, nahiz eta datuek erakutsi, egunerokoan, biztanleen gehiengoarentzat, ohiko kontsumo bidea aldatu dela (bereziki, gazteriarentzat). Horregatik, euskarazko ikus-entzunezkoen finantzaketa handitzea eskatzen dugu, Europako estandarretara hurbilduz.

2. Euskal Irrati Telebista (EITB) indartzea eta hau euskararen normalkuntzarako tresna bihurtzea.

EITB taldera bideratutako diru publikoaren handitze bat eskatzen dugu, talde hau izan behar delako Euskal Herriko euskarazko ikus-entzunezkoen industriaren motorra. EITBren 5/1982 sorrera legeak aipatzen dituen normalkuntza helburuak lortzeko, aurrekontuetan eta programazioan euskarazko kateei emanez lehentasuna eta euskarazko kalitatezko ikus-entzunezko edukiak nabarmen ugaritzearen aldeko apustua eginez. EITBren seinalea Euskal Herri osoan eta euskarri desberdinetan eskuragarri egotea eskatzen dugu.

Era berean, euskarazko tokiko telebistak indartzea ere eskatzen dugu, hauek ere funtsezko papera betetzen baitute euskararen normalizazioan.

3. Euskarazko streaming plataforma sendo bat sortzea.

Euskaraz sortutako eta euskarara ekarritako nazioarteko edukiak bilduko dituen plataforma bat beharrezkoa da, euskaldun komunitatearen streaming plataforma nagusia bihurtuko dena.

Plataformako edukien hedapen eskubideek euskararen eremua bere osotasunean kontutan hartu beharko lukete, eta tresna honek Euskal Herri osoan eskuragarri egon beharko luke. Euskararen eremuko erakundeei eskatzen diegu egin dezatela honen aldeko apustua eta babes ditzatela diruz norabide horretan egon daitezkeen ahaleginak. Streaming plataforma horretan, euskaraz ekoitzitako edukiak biltzeaz gain, eduki arrakastatsuak euskarara itzultzearen aldeko apustu argia egin beharko da.

4. Streaming plataforma nagusietan euskararen presentzia legez bermatu eta areagotzea.

Netflix, HBO, Disney+, Amazon Prime Video, eta gainontzeko plataformei eskatzen diegu, euskaraz sortutako edo euskarara, jadanik bikoiztu eta azpidatzita dauden katalogoko edukietan, euskararen aukera gehitzea eta hori, euskararen eremu guziari eskaintzea. Erakundeei, hori horrela izan dadin, plataforma hauekin negoziatzen hasteko eskatzen diegu, estreinaldi berrietan, euskarazko bikoizketa eta azpidatzi berriak sortzeko prozesuan era proaktiboan parte har dezatela, eta Estatuetako Ikus entzunezko Lege Orokor berrietan eragitea euskararen presentzia bermatzeko.

5. Zinemaren Lege propioak sortzea

Euskarak zinemetan duen presentzia eskasari irtenbidea eman eta zinemak euskaraz gozatzeko euskaldun komunitateak duen eskubidea bermatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean, zinemetan euskararen presentzia legez bermatu eta areagotuko duen Zinemaren Lege propioak behar ditugu. Lege horiek industria zinematografikoa zuzenduko duen marko arautzailea ezarriko lukete.

Ipar Euskal Herrian, ikus-entzunezko arloan eskumena duten erakundeen arteko mahaian, zinemetan euskararen presentzia bermatzeko neurriak hartzea eskatzen dugu, baita Frantziako legegintzan eragiten saiatzea ere.

6. Bideojokoetan eta interneteko sortzaile plataformetan, euskararen presentzia bermatu eta sustatzea.

Bideo-jokoek eta Interneteko sortzaile plataformek gazteen aisialdian duten geroz eta pisu handiagoa kontuan izanda, eta arlo hauetan euskararen presentzia oso mugatua dela ikusirik, euskarazko tresnak sortzea eta euskararen erabilera sustatzea beharrezkoa da.

7. Ikus-entzunezkoen Lege propioak sortzea.

Arloa bere osotasunean legez arautuko duten Ikus-entzunezkoen Lege propioak sortzea beharrezkoa ikusten dugu, eskumen hori duten lurralde administrazioetan, Eusko Autonomi Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean. EB 2018/1808 Europako zuzentarauaren transposizioa abiapuntutzat hartuta eta idatzi honetan aipatutako hizkuntza eskakizunak jasoko dituen Ikus-entzunezkoen Lege propioak lantzea beharrezkoa da.

Ipar Euskal Herrian, ikus-entzunezkoen arloan eskumena duten erakundeen arteko mahaian, euskararen presentzia bermatzeko neurriak hartzea eskatzen dugu, baita Frantziako legegintzan eragiten saiatzea ere.

8. Ikus-entzunezkoen Kontseilua propioa sortzea, lurralde-administrazio bakoitzean, ikus-entzunezkoetan legeak betetzen direla gainbegiratuko duen erakunde publikoa.

Aditu independentez osaturiko Ikus-entzunezkoen Kontseilu horrek, arloaren egoerari buruzko txostenak egingo lituzke, bitartekaritza lanak egin eta bere eskuduntzen markoan dauden ikus entzunezkoen arloko legeak betetzen direla bermatuko luke. Lege batzuk aipatzearren, besteak beste, haurren eta nerabeen babeserako legea eta publizitatearen gaineko legea egongo lirateke. Kontseilu horren ardura legeak betearaztea, eta bereziki, euskaldunon hizkuntza eskubideak, ikus entzunezkoen eremuan, betetzen direla gainbegiratzea izango da.

9. Espainiar eta Frantziar kate publikoek edukiak euskaraz eskaintzea.

RTVE eta Groupe France Télévisions diru publikoz finantzatzen diren irrati-telebista taldeak izaki, tartean Euskal Herriko hiritarren diruz baita ere, haien Estatuko hizkuntza aniztasuna euren programazioetan bermatu dezatela eta edukiak euskaraz ere eskaini ditzatela eskatzen diegu.

10. Euskal Herriko ikus-entzunezkoen koordinazio-organoa sortzea, Euskal Autonomi Erkidegoa, Nafarroako Foru Erkidegoa eta Ipar Euskal Herriko ordezkariz osatua.

Koordinazio-organo egonkor hori hiru administrazioetako ordezkari politiko eta instituzionalez egongo litzateke osatua, eta, bere helburuen artean, euskarazko ikus-entzunezkoan inbertitutako baliabide publikoen eraginkortasuna lortzea (film eta telesailen bikoizketak partekatu, telebista tradizionalerako edo sare sozialetarako egindako programen trukatzea eta koprodukzioa, etab.) eta euskararentzat publiko berriak lortzea egongo lirateke.


Iruzkinak:



atez euskara zerbitzua
Artez Euskara Zerbitzua Koop. E.
H: Luzarra, 10 - Deustu Bizkaia Euskal Herria
T: (34) 944 480 000 F: (34) 944 757 229
Kontaktua - Lege jakinarazpena
twitter Facebook
bfa spri Babesleak
XHTML 1.0 Transitional balidoa CSS Balidoa!