Bai euskarari bai euskarari. zerbitzua eta lana euskaraz Premie Euskara-Planak

| eu | es |

Latxa adimen artifiziala Egunean Behin jokoan ari da egunero

2024/05/08 sustatu.com -- Albiste originala ikusi

Egunean Behin-eko denboraldi berrian, herenegun hasitakoan, jokalari berri bat ari da goizero jokatzen... Latxa! Euskarazko adimen artifizialeko garapen berria aplikazioaren mekanikarekin lotu dute CodeSyntax-eko garatzaileek eta Hitz Zentroko Latxaren arduradunek. Goizero, ardiak esnatzen diren orduan, 10 galderari erantzunez parte hartzen du Latxak. Begiratu sailkapen orokorrean... zuen emaitzaren ondoan, hortxe da Latxa.

Nola ari da Latxa?

Galderak eta erantzunak benetakoak dira, CodeSyntax enpresak Hitz Zentroari pasatzen dizkio galderak, eta bertako adituek Latxa elikatzen dute galderekin. Sistemak erantzuten duena, manipulaziorik gabe kargatzen da jokalari honen profilean. 

Latxa ez da guztiz ChatGPT bezalako galdera-erantzunen txat bat. Latxa txat baterako motor nagusia da, beste hori aurrerago etorriko da. Latxa bere horretan erabili dugu inongo moldaketarik gabe. Galdera mota batzuk naturalak egiten zaizio, baina beste batzuk ez, ez baitugu egokitu Egunean Behin-en ongi egin dezan.

Latxaren puntuaketa guztien bistan dago, sailkapeneko fitxan ikusiko dute jokalari guztiek, nork bere emaitzaren ondoan:

Beste jokalariek bezala jokatzen du?

Latxak jasotzen dituen galderetan ez dira erantzuna ulertzeko irudia dutenak sartzen, sistemak ez baitu oraingoz irudi analisirako modulorik.

Hitz zentroko kideek galdera-erantzun zuzenekin multzo tixki bat jaso dute eta hori erabili dute Latxari erantzunak nola eskatu erabakitzeko.

Dirudienez ez du beti asmatzen...

Halaxe da, bai. Manipulaziorik gabeko erantzunak jaso ditugu, eta apenas 4 edo 5 segundu behar ditu Latxak erantzunak emateko, baina hankasartzeak ere egiten ditu. Ikus irudi hauetan astelehenean eta asteartean eman dituen erantzun batzuk.

Okerren portzentaia bat espero zitekeen egindako lehen proben arabera, eta halaxe ari da. Azken finean Latxa testu arruntak irakurtzen entrenatu da, eta oraindik ez diote Hitz Zentroan espreski irakatsi nola parte hartu txapelketa batean, ez eta Egunean Behin jokoan eskatzen diren gaitasun batzuk nola ikasi. Hau da, Latxa ez dute moldatu Egunean Behin-en emaitza onak eduki ditzan eta, hortaz, ariketa batzuk naturalagoak egingo zaizkio baina beste batzuk ez.

Latxa telefono mugikorretako teklatuetako testu prediktibo moduan ikusi daiteke, non hitz segida bat emanda, hurrengo hitz probableena iradokitzen duen. Egunean Behin-eko galderen kasuan, galdera eta hiru aukerak emanda sistemak hurrengo hitz moduan erantzun zuzena ematea espero da. Galdera mota batzuk asko hurbiltzen dira irakurri dituen testuetan ikusi dituen gaietara, hala nola pertsona baten jaiotza urtea, abesti baten letran hutsunea edo hitzen esanahiarekin jolasten duten galderak. Halakoetan asmatzeko aukera gehiago izango du.

Beste galdera mota batzuk, aldiz, oso arrotzak egingo zaizkio. Adibidez, silaba kontaketa, matematikako problemak edo erantzuna garaiaren arabera aldatzen diren galderak. Berez posiblea da Latxari halakoak egiten irakastea, baina ez Hitz Zentroan ez dute halakorik egin. Latxa bere horretan probatu nahi izan dugu esperimentu honetarako, bere indargune eta ahuluneekin. Parte hartzen ari den Latxa eta duela aste batzuk Internet-en jarri zen Latxa bera dira.

Lehia naiteke pertsonalki Latxarekin?

Goizeko 6.30etan jokatuko du partida Latxak. Jokalari bakoitzak ikusi ahal izango du, sailkapen orokorretan, nola dabilen norbera Latxarekin alderatuta. Talde batzuetan ere gehi dezakegu... Ikus hemen nola ageri den Hitz taldearen taldean:

 


Iruzkinak:



atez euskara zerbitzua
Artez Euskara Zerbitzua Koop. E.
H: Luzarra, 10 - Deustu Bizkaia Euskal Herria
T: (34) 944 480 000 F: (34) 944 757 229
Kontaktua - Lege jakinarazpena
twitter Facebook
bfa spri Babesleak
XHTML 1.0 Transitional balidoa CSS Balidoa!