Bai euskarari bai euskarari. zerbitzua eta lana euskaraz Premie Euskara-Planak

| eu | es |

Ikaselkar argitaletxeak haur eta gazteentzako "Hipatia, egia matematikan" komiki-liburua argitaratu du

2019/11/03 sustatu.com -- Albiste originala ikusi

Ikaselkar argitaletxeak ZIENTZIALARIAK bildumaren baitan argitaratzen duen seigarren komiki-liburua da Hipatiari eskainitakoa. "Hipatia, egia matematikan" izenburupean, matematikari, astronomo eta filosofo ospetsuaren bizitza eta zientziari egindako ekarpena haur eta gazteei gerturatzea du helburu. "Zientzialariak" bildumaren baitan, Ikaselkarrek argitaratzen duen seigarren komiki-liburua da. Haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta zientziarekiko interesa piztea du helburu egitasmoak.

Komiki formatua heziketa tresna gisa erabiliz, testuak eta marrazkiak egoki uztartuz, historian zehar izan diren zientzialari eta pentsalari handienen biografiak eta lorpenak haurrei ezagutzera eman nahi dizkie Ikaselkar argitaletxeak, euskaraz eta modu atseginean eta entretenigarrian.

Hain zuzen ere, zientziaren historian itzal handiko izenak aurki ditzakegu azken urteotan argitara emandako Zientzialariak komiki-bilduman, hala nola, Marie Curie, Newton, Galileo, Darwin eta Aristoteles. Zerrenda hau mardultzera dator Hipatia.

Ikaselkar argitaletxeko zuzendari Edurne Soraluzeren hitzetan, "helburu bikoitza du egitasmoak: batetik, haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta, horri lotuta, euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea eta, bestetik, dibulgazio zientifikoaren bitartez, haur eta gazteei zientzia modu ulergarrian gerturatzea, STEAM arloekin lotutako bokazioak bultzatze aldera".

Gainera, azken argitalpen honekin, emakume zientzialarien lana agerian jarri nahi izan du argitaletxeak, haur eta gazteek, neskek bereziki, emakume zientzialarien erreferenteak izan ditzaten.

Aurreko bost liburuak bezala, azken hau ere Jordi Bayarri egile eta marrazkilariaren lana da. Maialen Berasategik itzuli du euskarara.

Irakurleek antzinako Alejandriako liburutegia deskubrituko dute Hipatiarekin batera, eta Alexandro Handiaren garaian matematika eta filosofia ikasle gazteen bizitza nolakoa zen ezagutuko dute. Liburuak, halaber, erakusten du Hipatiak ikasi egin nahi zuela, eta egia erdietsi, eta hori lortzeko matematika zela berarentzat biderik onena.

"Zientzialariak" bilduma, liburu dendetan eta Durangoko Azokan

Bilduma osatzen duten sei komiki-liburuak salgai daude liburu dendetan eta Durangoko Azokan ere eskuratu ahal izango dira Ikaselkarren mahaian. Hauexek dira bilduma osatzen duten izenburuak: 

  • "Marie Curie. Radioaren aktibitatea"
  • "Newton. Grabitatea ekinean"
  • "Galileo. Izarren mezularia"
  • "Darwin. Teoriaren eboluzioa"
  • "Aristoteles. Jakiteko irrika"
  • "Hipatia. Egia matematikan"

 


Iruzkinak:



atez euskara zerbitzua
Artez Euskara Zerbitzua Koop. E.
H: Luzarra, 10 - Deustu Bizkaia Euskal Herria
T: (34) 944 480 000 F: (34) 944 757 229
Kontaktua - Lege jakinarazpena
twitter Facebook
bfa spri Babesleak
XHTML 1.0 Transitional balidoa CSS Balidoa!