Bai euskarari bai euskarari. zerbitzua eta lana euskaraz Premie Euskara-Planak

| eu | es |

Kikarakada: Gora txokolatezko irribarreak!

2019/11/05 sustatu.com -- Albiste originala ikusi

Kikarakada, txokolatearen inguruko ekimen bat, Lesbos uhartean dauden errefuxiatuei laguntzeko sortua. Erosi Kikara bat eta Greziako Lesboseko haurrei hezkuntzarako azpiegiturak eskuratzen lagunduko diezu, eta bide batez txokolate goxoz betetako katilu bat ere bidaliko diezu.

Galder Izagirre (Diapositivisme Studio) argazkilariaren ideia batetik sortutako proiektu honi Gaizka Izagirre (GAZTEZULO) eta Oraitz Garcia (Zaporeak) batu zitzaizkion euren elkarteen bultzada probesturik Euskal Herri mailako ekimena aurrera ateratzeko.  Azken fasean gainera Amaia Ocerin kultur eta sormen arloko komunikazio eta marketin aditua batu da proiektura. 

Zer da?

Kikarakada ez da soilik argazki, literatura eta errezeta liburu bat izango; bere barnean arraza, jatorri eta kolore anitzeko haurrak topatuko dituzu, txokolate katilukada eskuan, elikagai gozo honek eskaintzen duen une atsegina bizitzen, irribarrea ahoan euren zoriontasuna partekatu nahian. 

Honakoa helburu argia duen elkartasun ekimena da: Greziako Lesbos uhartean dauden eta txokolatez zipriztintzeko aukerarik ez duten haur errefuxiatuei hezkuntzarako azpiegiturak lortzeko baliabide ekonomikoak eskuratzea, eta bide batez, txokolate kikarakadak bidaltzea. Txokolatea delako munduko edozein haurri falta beharko ez litzaiokeen gozamenerako elikagai unibertsala. 

Hori argi izan dute Euskal kulturako zenbait eragile, sukaldari, idazle, bertsolari, kazetari eta musikarik, euren sormena proiektuaren alde jartzerako garaian. Kikara ikur hartuta elkartasun proiektu honi forma eman diote. 

Hiru zutabeak

Euskal kulturaren hiru zutabe diren elkartasunak, sukaldaritzak eta arteak bat egiten duten proiektua da Kikarakada. Gure sormenetik beraien sormenerako zubia eraikiko duena. 

Kikarakadak bi oinarri ditu: haur errefuxiatuak eta txokolate kikarakadak. Oinarri horietatik abiatuta zazpi lurraldeetako artistek osatuko dute liburua. Bertan euskal munduko hainbat idazle, bertsolari, kazetari eta musikarik hartu dute parte proiektuaren inguruan hausnartuz. Bertan topatuko dituzu adibidez, Ane Irazabal, Harkaitz Cano, Fermin Muguruza, Miren Amuriza, Pello Reparaz, Ilaski Serrano, Xabier Madariaga, Kike Amonarriz, Itxaro Borda, Jon Maia, Martxel Mariskal edota Laura Mintegiren testuak (beste askoren artean) eta baita Joseba Arguiñano, Anne Otegi, Vanessa Blazquez, Andoni Luis Aduriz, Pedro Subijana, edota Juan Mari eta Elena Arzaken errezetak ere, besteak beste. Haatik, testuek nagusitasun handia baldin badute ere, batez ere argazki bilduma bat da, txokolatez apaindutako haurren irribarreek osatzen dutena hain justu. Baina, ezin bestela, errezeta liburu bat ere izango da aldi berean, bertan txokolate kikarakada gozo bat prestatzeko hainbat errezeta aurkituko baitituzu ezkutatuak; nork aurkitu, prestatu eta dastatuko zain

Pausoak

Lehenenik protagonista kikara bera izango da. Elkartasun ikur bilakatzea nahi dugun laranja koloreko kikara berezia, salbamendu-txalekoen kolorearekin zuzenean lotzen ditugunak, salgai jarri ditugu liburua gauzatzeko diru-iturriak lortzeko. Euskal elkartasunaren ikur bihurtzea nahi dugun laranja kolorea. 

Bigarrenik geurea proiektu zirkularra da; Euskal Herrian hasten baita bertako umeen argazkiekin, ondoren argazki sesio berria eta txokolatada Lesbosen burutuz, berriro ere Euskal Herrira itzuli kikara eta liburua osatzeko eta azkenik bertatik lortzen dugun diru guztia Lesbosen amaituko baitu. Beraz, Euskal Herriko haurrekin txokolatada eta argazki sesioa burutu ostean, txokolate litro ugarik lagundurik Lesbosera eraman genuen Kikarakada proiektua bertako haurrek txokolate bero lasaigarri, bezain dibertigarri batez goza zezaten. Horretarako, Moriako Errefuxiatu Kanpamentuko kanpoaldean txokolatada bat antolatu genuen, eta une horrek utzitako une ahaztezinen argazkiak bildumatu zituen Galder Izagirrek. Argazki horiek aurkituko dituzu argitaratuko ditugun orrialde horietan zehar, Euskal Herriko haurren argazkiekin batera. Bi errealitate, gozamen berbera txokolatearen inguruan. Zer hausnartzeko ematen du zoriontasunaren unibertsaltasunak. 

Azkenik, beraz, testuak, errezetak eta argazkiak elkartuz, Kikarakada argazki eta testu bilduma argitaratuko dugu. Honen bitartez lortzen den diru guztia Greziako Lesbos uharteko haur errefuxiatuen hezkuntza laguntzeko izango da. Konkretuki Pikpa eta Refugee 4 Regufees erakundeei bideratuko diegu diru guztia. 

'0 KIKARAKADA' kanpaina

Kikara erosteaz harago, proiektua diruz lagundu nahi dutenentzat kontu korronte bat ireki dugu bakoitzak nahi duen diru ekarpena egiteko. Enpresa, erakunde eta norbanakoek izango dute aukera laguntza hori eskaintzeko eta beraien izen, logo edota aipamena kikarakada.eus webgunean azalduko da laguntzaile eta babesleen atalean.

Bestalde, badira elkarte, enpresa eta eragile batzuek kikara kopuru handiagoa erosteko prest agertu direnak eta Gabonetara begira, elkartasun oparia egitea edo Gabonetako otzaran sartzea. Horrelakoak egitera animatzen zaretenok jar zaitezte mesedez gurekin kontaktuan.




Iruzkinak:



atez euskara zerbitzua
Artez Euskara Zerbitzua Koop. E.
H: Luzarra, 10 - Deustu Bizkaia Euskal Herria
T: (34) 944 480 000 F: (34) 944 757 229
Kontaktua - Lege jakinarazpena
twitter Facebook
bfa spri Babesleak
XHTML 1.0 Transitional balidoa CSS Balidoa!