Bai euskarari bai euskarari. zerbitzua eta lana euskaraz Premie Euskara-Planak

| eu | es |

Hilketa, zientzia fikziozko 'kirol' bat

2020/05/12 sustatu.com -- Albiste originala ikusi

John Scalzi idazlearen zientzia fikzioko lan batean, Head On izeneko eleberrian, Hilketa izeneko kirol bat da protagonista. Hilketa, horrela idatzia, euskara batuan, H eta guzti. Futbolaren aldaera bat da, 11 laguneko taldeak lehiatzen baitira, baina baloian dago koxka: sareetan gol sartzeko, lehenbizi aurkako taldeko jokalari bati burua moztu behar zaio, eta buru horrekin jokatu gola egiteko.

Izen egokia du kirolak, bai horixe: Hilketa.

Zientzia-fikzioarekin jarraituz, Devs izeneko telesail bat ikusten ari naiz egunetan. Kasu honetan, geurearen antza duen etorkizun hurbil bat erakusten zaigu, eta enpresa batek konputatzeko gaitasun neurrigabea lortu du, agian baita etorkizuna zehatz definitzekoa ere bai. Enpresak horrek Amaia du izena.

Euskarazko izena, bai, baina Y grekoz idatzia. Emakumezko pertsona izen euskaldunetik dago hartua izena, zeren eta fikzioan enpresaburuak galdutako alabaren izena da Amaya hori.

Telesailak komentatzen dituzten foroetan, Amaya izenari erreparatu dionik ere bada, euskaraz "amaiera, bukaera" esan nahi duela, The End alegia, eta agian horrekin lotua egongo ote den argumentuaren garapena.

Gure hizkuntza txiki honena arrastoak topatzen ditudanean fikzioan, harrotasun intimo labur bat pizten zait barruan. Zentzu askorik ez duen poztasun bat, hizkuntza handien hiztunei asko inportako ez zaiena, seguruenik.

Hori bai, erreferentziak apokaliptiko eta ilunak dira gero, dela Hilketa, edo dela The End, Amaiera... Estigma bat ote du euskarak halako fikzio-loturak egiteko? Transilvaniako biztanleak ere aspertuta egongo dira, beraien herrialde menditsu eta suposatzen dut ikusgarria, beti banpirismoarekin eta terrorearekin lotuta ikustearekin.

Oraingoz, neuri, bi adibide gauen konnotazio negatiboek ez didate asko inporta,. Gainera, ze demontre, koronabirusaren sasoi arriskutsu honen espirituarekin bat datozela iruditzen zait.

*******

Martxoan agertu zen Ttap aldizkarian testu honen audio bertsio bat.

Ilustrazioa: Head On liburuaren frantsesezko eta italierazko edizioen azalak, zeinetan ikusten den buru-mozketaren kontua, Hilketa jokoaren gakoa.


Iruzkinak:



atez euskara zerbitzua
Artez Euskara Zerbitzua Koop. E.
H: Luzarra, 10 - Deustu Bizkaia Euskal Herria
T: (34) 944 480 000 F: (34) 944 757 229
Kontaktua - Lege jakinarazpena
twitter Facebook
bfa spri Babesleak
XHTML 1.0 Transitional balidoa CSS Balidoa!